XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ZARAUZKO FRANTZISKOTARREN MISIOLARI KOLEGIOA ETA EUSKARA / Zarautz, 1987-VI-19

Zarauzko Frantziskotarren komentua, jakina denez, Juan de Manzisidor zenak eraiki erazi zuen 1610. urtean; Flandesetako erreinuetan Felipe III.aren Idazkaria zen bera.

1610. urtean eraikitzen hasi, eta handik zazpi urtetara, 1817.an bukatu zen.

Eta orduantxe jarri ziren frantziskotarrak komentu berrian bizitzen.

Handik mende eta erdi aldera, 1746. urtean hain zuzen, garrantzi haundiko zerbait gertatu zen Zarauzko komentuan: Misiolari Kolegio-Seminarioa bihurtu zela, alegia.

Eta horrek ia erabat aldatu zuela komentuko bizitza, esan genezake.

Zer ziren Misiolari Kolegio haiek?.

Badu Domingo Parrondo Aita frantziskotarrak liburu bat idatzia: , izenekoa bera.

Eta bertan dioenez, komentu hauek ez ziren urrutiko lurraldetara Misiolariak bidaltzeko sortuak, baizik eta bertako herrietan Misioak emateko; guk geuk ezagutu genituen Misio haiek herriz herri emateko, alegia.

Espainia osoan lehenengoa Sahagun herrikoa izan zen, Leonen.

Gero beste hamahiru sortu ziren, bai Katalunian, Gaztelan, Galizian eta abar.

Zarauzkoa azkenengoa izan zen, hamalaugarrena.

Eta hain zuzen ere, lehenengoa izan zen komentutik, Sahagunetik alegia, etorri ziren hemengoa sortzera.

Hiru fraile heldu ziren, hirurak euskaldunak: Aita Juan Jose Suarez Palomo, Aita Migel Ezkurdia, biak donostiarrak, eta Aita Manuel de Moraza; hirurak Frantziskotarren Kantabria Probintziakoak.

Aurretik baimena eskatua eta lortua zuten Aita Juan de la Torrerengandik, hau ere Kantabria Probintziakoa eta Espainia osoko fraile frantziskotarren Komisario Nagusia.

1746. urteko Maiatzaren 21an ospatu zen Probintziako Kapitulua Gasteizko San Frantzisko komentuan eta hantxe erabaki zen Zarautzen Misiolari Kolegio berri bat sortzea.

Aita Pedro Antonio Añibarro euskal idazle ospetsuak bere Libro Becerro eskuizkribu famatuan dioenez, eztabaida gogorrak izan omen ziren Kapitulu hartan zein komentu aukeratu erabakitzeko.